XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

ETXE-XAHARRETIK. BAZINAKITENA?

Xinaurriek langile fama dute eta ez dituztela berek irabaziak baizik jaten.

Erramun Martikorenak kantatzen daukunaz, badira papo-gorriak xinaurrien irabaziak erdizka nahi luzketenak, xinaurrier aihertzen direnak, xuhurrak direla erranez: Xinaurri lepo-mehe, itxuxi kixkila!.

Kasu haatik, xuhurtasuna eta zuhurtzea ez dira berdin.

Eta gero, jakin behar da sei mila eta bortz xinaurri mota badirela, ainitz koloretakoak, ainitz negurritakoak; ez dira denak lan beretan ari; badituzte xinaurriek ere beren alferrak bertze xinaurriez baliatzen direnak, bainan jakin behar da ere xinaurri mota batzu beti bertzen meneko izanen direla, ez baitira on bere-ber bizitzeko.

Badira ere egundainotik (latinek Formica fusca izendatzen zituzten) bere umen zaintzeko ez direnak.

Bertze arrazakoak jiten zaizkote (latinek Polyergus rufescens izendatzen zituztenak), zanpaka eta umeak eremaiten dioztete heieri beren lan guzien eginarazteko noizbeit.

Ez erran xinaurriak hau eta xinaurriak hura, bada denetarik.

Beha dezagun ontsa, ez dira gauzak lehen begi-kolpean behar den bezain barna ikusten, kasu aise mintzo direner.

Altxa dezagun begia eta beha ikusten dugunari: zer haitz'ondo ederra!!! Ez dira haitz guziak hoin ederrak, nahiz badiren ederragoak ere.

Haitza mundu guzian barreatua da eta jendeak bezala mehetegietan mehe arbola ere.

Badira berrehun eta berrogoi'ta hamar, haitz mota, bederatzi bakarrik Frantzian.

Bitxi hatxeman dudana, haurrean, izan da haitz guziek edo gehientsuek adin haundia zutela ikustea.

Nun ziren gazteak? Nork landatu ditu?

Paper xaharretan ikusiko duzue lehenago, hala nola hamabortz-garren mendean, Ortzaiztarren mozkin-emaile haundienetarik bat zirela urde tropak, oihanetan hazten zirenak eta badakizue, denbora hartan, Bidarraiko lur arraiak oraino Ortzaizekoan zirela, denak Xarlex hirugarrenaren ontasun.

Bazuten ezkurrek arrakasta; baziren legeak oihan eta bereziki haitz-petan ibiltzeak manatzen zituztenak.

Eta jakin zazue moko fin batzuetarik aditu dudana: Biba oihanetan hazi zerriaren xingarra! Bereziki, gure oihanetan bezala, haitz-ondo bezenbat gaztena-ondo delarik.

Otto PIARRE.